Artziniega oso leku erakargarria da bisitarientzat, bai Erdi Aroko hirigunea, bai nekazaritza eremuak eta bai natur ingurune ederra. Horrez gain, eta Bilbo Handitik gertu dagoen arren, nahiko leku ezezaguna da bisitarientzat.
Erdi Aroko Hirigunea
Artziniegako hirigune historikoa monumentu multzoa da eta Euskal Herrian ondoen zaindutakoetako bat da. Hiru kale paralelo ditu, Euskal Herriko Erdi Aroko hiriguneen ohiko forma: goikoa (Goienkale), erdikoa (Artekale) eta behekoa (Barrenkale). Kale horiek bi kantoi perpendikularrez daude elkartuta. Hirigune historikoaren ekialdean Goiko Plaza dago.
Zenbait eraikin moderno kenduta, hirigune historikoa tradiziozko moldeen arabera eraiki zen. Balio eta antzinatasun handiko eraikinak daude, baita harmarridun hainbat etxe ere (herri osoan harmarridun 47 etxe daude). Bengoa Dorretxeak balio handia du (Artekalen), XV. mendekoa da eta zutik dagoen eraikin zaharrena da; Agustindarren komentuak, Goienkalen, Erdi Aroko klaustro bat du, eta Ekialdeko harresian, Artziniegako eraikin zaharrena zenaren hondarrak daude, Ayalatarren dorretxearenak. Horiez gain, balio handiko eraikinak dira Ortiz de Molinillo-Velascotarren dorretxea (egun hotela) eta Aranguren-Amezolako jauregi barrokoa, Artekalen.
Jasokundeko Andre Mariaren Eliza ere bisitatzeko leku polita da. Nabe bakarreko berant-gotikoko tenplu honi kanpandorrea gehitu zitzaion XVI. mendean. Udaletxea eta sakristia XVII. mendekoak dira, gurutzadura simulatzen duten kaperak XIX. mende amaierakoak. Arkupeko pinturak oraintsukoak dira, Artziniegako margolariek eginikoak.
Artziniegako auzoak mendi-auzoak dira. Horien artean Barretaguren dorretxea azpimarratu behar da, Gordexola eta Artziniega lotzen dituen errepidearen aldamenean.
ESKULTURAK ETA PINTURAK ARTZINIEGAKO HIRIGUNE HISTORIKOAN
Hirigune Historikoan Artziniegako bizilagunek borondatez diseinatua eta prestatutako eskultura-multzoa jartzen amaitu ondoren, mapa turistiko berria aurkezten dizuegu. Mapa honetan, gure Hirigune Historikoan dauden margolariek egindako pinturak, eskulturak eta ondarea batzen dira. Arabako Aldundiko Turismo Sailaren laguntzarekin egin da mapa hau, eta elementu horiek ikusarazi eta joan den udan proposatutako ibilbidea osatu nahi du.
IBILBIDEA: ESKULTURA ETA PINTURAK ARTZINIEGAKO HIRIGUNE HISTORIKOAN
Nekazaritzako elikagaien katalogoa